donostiasansebastian.com

ataria
historia
donostia
palmaresa
kanporaketak
emaitzak
araudia
home














+ Información

Donostiako estropadak iraileko lehen bi igandeetan ospatzen dira Kontxako badia zoragarrian. Bertan elkartzen diren ikusleen kopuru izugarria kontuan izanik inolako zalantzarik gabe esan dezakegu Euskal Herriko kirol ikuskizunik garrantzitsuena dela.

100.000 pertsona inguru biltzen dira Kontxa inguruko mendietan, estropadak ikusteko leku egokia bilatzen saiatuz. Gehienak beren traineruaren kolorez jantzita doaz.




Kirol eta arrantza itsasuntziak ere Kontxa inguruan biltzen dira, beste herrietatik etorriak, ikuskizunari kolore eta soinu bereziak emateko. Donostiako kaleak eta batez ere Alde Zaharra jendetza horren topaleku bihurtzen dira eta "adituak" nork irabaziko duen asmatzen saiatzen dira.
Apustu asko egiten dira lagunen artean, tabernetan eta hiri osoan zehar nork irabaziko duen eta traineru batek besteari zenbat segundoko aldea aterako dion jokatuz. Baina hori ez da garrantzitsuena. Garrantzitsuena Kontxako bandera irabaztea da, urtean zehar ospatzen den estropadarik garrantzitsuena baita.
Jai eguna da eta hiria jendez gainezka ipintzen da, bai bertako biztanleei esker eta baita kanpotik etorritako guztiei esker ere.

Eguerdiko hamabietan epaileak irteera ematen duenean nonahi entzuten dira jendearen oihuak beren trainerua animatu nahian. Arraunlariak indar guztiz abailtzen dira, beren patroien zuzendaritzapean gutxi batzuen esku bakarrik dagoen garaipenaren bila. Indar guztiz ekiten diete arraunei hainbat eta hainbat egunetako lan eta prestaketetan zehar amestu dutena lortu nahian: Kontxako Bandera, arraunlarien urrezko domina olinpikoa.

Azkenean traineru batek bakarrik irabaziko du, baina estropadan zehar bizi izan duten emozioa eta tentsioari ondoren izugarrizko kirol giro ederrak jarraitzen dio, arraunlariak lehorrera iristen diren bitartean. Eta jakina, Euskal Herriko gastronomia agertzen da une horretan, hiriko jatetxe ugarietan ahaztu ezineko egunari amaiera zoragarria emateko.