donostiasansebastian.com

ataria
historia
donostia
palmaresa
kanporaketak
emaitzak
araudia
home


















Estropadak bizimodu jakin batetik sortu dira: itsaso zabaleko arrantzatik, hain zuzen ere. Arrantza egitera joateko pertsona indartsuak behar ziren traineruetan. Ordu batzuez arraunean egin ondoren arrantza egin eta lehenbailehen portura itzuli behar izaten zuten arraina subastan saltzeko.

Gerora, motorrak agertu zirenean, gizonaren indarra ez zen hain beharrezkoa. Hala ere, hurrengo urteetan estropaden munduak arrantzari lotuta jarraitu zuen. Kostaldeko trainerurik onenetan arrantzaleak aritzen ziren lehian. Gaur egun mota guztietako kirolariak sartzen badira ere, arraunlarien taldeak tradizio arrantzale luzea duten herrietan sortzen dira.

Kontxako estropadak 1879 urtean ospatu ziren lehenengo aldiz Donostiako udako jaietako programaren osagai gisa. Orduan parte hartu zuten traineruek arrantzan jarduten zuten eta elkarren artean lehian aritzen ziren azkarrena zein zen jakiteko, tartean dirua zelarik.

Iraileko igande hartan jendetza handia joan zen "Avante de Pasajes" traineruak irabazitako estropadak ikustera. Arrakasta hori dela eta Donostiako Udalak erabaki zuen hurrengo urteetako jaietan ere estropada sartzea. Mende hasierako urte batzuk eta guda zibila izan ezik harrezkero urtero-urtero ospatu dira estropadak gaur egunera arte.

119 urteko tradizio honi esker Kontxako estropadak Euskal Herriko kirol ikuskizunik handiena bihurtu da. Inon ez dira hainbeste pertsona biltzen: Urgull, Igeldo, Paseo Berria, kaia eta irlako maldetan, hondartzetan eta mota guztietako itsasontzietan pilatzen dira Iraileko lehen bi igandeetan, nahiz eta telebistak etxe guztietara eramaten dituen estropadetako irudiak.

Donostiako CATek (turismo zentroak) antolatzen ditu estropada hauek eta errespetatu egin ditu kostaldeko lehiaketarik zaharrenaren eta garrantzitsuenaren printzipio tradizionalak. Printzipio horiek honela laburbil daitezke:

Estropadak eguerdiko 12etan ospatu behar dira iraileko lehen bi igandeetan: bi tanda egiten dira zortzi trainerurik onenekin. Lehen eguneko lau trainerurik onenak ohorezko tanda osatuko dute bigarrenean. Azkenik, hiru miliatako distantzia klasikoa bi luzeratan banatzen da, ziaboga bakar bat eginez. Horiek dira oinarrizko arauak.

Badira beste zenbait arau ere, bigarren mailakoak, baina horiek urteetan zehar egokitzen joan dira. Esate baterako 300 kilotik gora pisatzen zuten Ikaceta traineru zahar haiek ez dira jadanik erabiltzen, besteak beste oso garestia zelako haiek konpontzea. Arro geografikoen sistema ere desagertu egin da, arraunlaria traineruaren herriarekin lotzeko erabiltzen zen baliabide hori desagerraraziz.

Arraunlariek taldearekin izan beharreko loturari dagokionez, hona hemen Kontxako estropadetan gertatu diren aldaketak (urteak gutxi gora-beherakoak dira):
- Arrantzan jarduten zuen traineruko kide izatea (1879-1912).
- Herriko arrantza industrian lanean jardutea (1913-1928).
- Traineruak ordezkatzen duen herriko biztanlea izatea (1929-1957).
- Arraunlarien taldeko herriaren arro geografikoan bizitzea (1958-1976).
- Kontratazio askatasuna eta derrigorrez taldeko fitxa izatea (1976etik aurrera).


Banderako jantzigintza:


Gaur egun, Kontxako Bandera, Itziar Alduntzin Donostiarrak egiten du. Habami urte daramatza lan hau bakarrik egiten eta Maruja Carballoren eskutik ikasi zuen Etxaide kaleko tailerrean. Honekin 8 urtez egon zen.

Datu bitxiak:

Ohial kopuru erabilia: 7metro eta erdi
Hari kopuru erabilia: Urdina (6000 metro); Urre kolorea (2500 metro); Kolore anitzak (2000 metro)
Erabilitako denbora: 400 ordu gutxigorabehera.
Zenbat pertsona lanean: Itziar Alduntzin eta laguntzaile bat.


Kontaktua:
Itziar Alduntzin
943-293792

Escudo